XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERREGEAK

OLENTZERO, dugu euskaldunok, urrutitik Jesus Agurtzera datozen azti edo errege haien antzik haundiena duena.

Gure Olentzerok ere, beste hoien antzera, eguzkia bezain argi zen laino distiratsua ikusiaz jakin ahal izan zuen Jesus jaio zela.

Hezurretarainoko beldurra sartu zuen Berri honek Euskal Herriko jentiletan, Olentzero ez beste guztiak galduak izan ziren.

Orobat gertatu zen Jerusalen osoan eta Herodesen bihotzean.

Ikara larrian jarri ziren Berri honekin Erregea eta jerusanlendar guziak.

Dena den, errespeto berdintsuz hartu ditu euskaldun zaharrak bi herrietako mezulari eta albistariak.

Janean eta zurrutean gogor jotzen dutenak dira bai Olentzero eta bai hiru erregeak ere.

Olentzero iñundik
ezin dugu ase;
osorik jan dizkigu
amar zerri gazte
.

Iru Errege datoz
Kale nagusitik,
tripak ardoz beteta
ezin egon zutik
.

Eskerrak ez diren gaurko gazteek asmatuak! Bestela gainean zuten inkisidoreen ezpata.

Besteak beste, euskal umorea galdu dugu euskaldunok.

Irrifarra galdu duen gizonak, abereengandik bereizten gaituen dohai bat galdu du.

Gibela, patxada eta aldarte ona eskatu nahi dizkiegu, beraz, lehenik, Olentzero eta Erregeri.

Ez gaitezela pipermindu eta erretxindu beste batzuek guk bezala pentsatzen eta jokatzen ez dutelako.

Ez gaitezela petraldu eta txartu guretzat sakratua dena beste batzuek ahuntzaren gauerdiko eztultzaz hartzen badute.

Beharrezkoak ditugu adarjotzaileak Euskal Herrian.

Bestela, laster gara denok Santa Ageda bidean.

Baina adarjole fabrikarekin bakarrik ez gara biziko.

Euskal egitura, erakunde, molde eta elkarteak bizkortu eta sendotu behar ditugu, maila eta arlo guztietan.

Hortarako beharrezkoa dugu elkarren arteko borroka, tirabira eta lehia piska bat, baina oso kaltegarria setakeria eta itsumena.

Elkar erretzen ari gara, alfer alferrik eta denon galeran.

Ekar biezaigute Olentzerok edo Erregek laneako adorea, bihotz zabaltasuna eta buru irekia.

Ekar biezaigute euskara batua, Euskaltzaindiaren hiztegia.

Hortarako izan beza erakunde honek behar duen dirua, trebetasuna, lanerako gogoa, aurrera jotzeko indarra eta Idazleon begirunea.

Gogora zaitezte, Olentzero maite eta Errege arrotzok, ikastolaz.

Zuek ere baduzue ikastolaren zatiketan errua.

Olentzerozaleak eta Erregezaleak elkarren aurka dabiltza.

Irakats zaiguzue, arren, ez duela zuengatik muturrak hausterik merezi.

Ekar hitzazue, bide batez, ikastolara eskola liburuak.

Baina, mesedez, Ikastolak ez dezala legea bakarrik egin.

Euskaldunontzat legea egitea bazkari-legea, afari-legea urri geratzea da.

Batez baino hobea da, noski, lege-pasara egitea.

Baina euskaldunok zerbait gehiago nahi izaten dugu.

Ez dezatela haurrek nozi guraso eta irakasleen moztasunagatik.

Ekar Elizari Jesus langilea.

Nahiko gizaldi igaro ditu Jesus Erregea agurtuz.

Utz ditzala Elizak jauregiak.

Sar dadila baserrietan, lantegietan.

Jar dadila behartsuen mahaian langilearen ogi lehorra eta urria janaz.

Ez ekarri urrerik, intzentsurik eta mirrarik.

Ohar zaitezte nork erabiltzen dituen.

Lehen ere gehiegi daukatenen eskutan geratzen da zuen urre hori.

Eta hoiek loxintxatzeko eta goxatzeko erabiltzen ditugu intzentsua eta mirra.

Hori da zuen sari eta eskuerakutsien fruitua.

Ekar zuzenaren gose-egarria, ekar egia, askatasuna, berdintasuna, maitasuna eta bakea.

Errespetarazi gizon eta herri bakoitzaren nortasuna.

Honela izango zarete euskaldunontzat don, jaun.